Itzuli albisteen zerrendara

Giltza eskura motako lehen ingeniaritza-proiektua lortu du Estandak zementuaren sektorean

04-04-2014

Zementu-klinkerra aurreehotzeko sistema bat diseinatu du, eta, horren bidez, granulometria xeheagoa eta homogeneoagoa duen zementua lortzen da: energia-kontsumoa gutxitzen da eta produktibitatea hobetzen da.

Estanda Fundicionesek handitu egin du produktu-katalogoa, azken urteetan garatutako bi berrikuntza-planen ondorio gisa. Gipuzkoako konpainiaren ikerketa-jarduera dela eta, balio erantsi handiagoko eskaintza egin du zementuaren sektorerako, eta azken merkataritza-eragiketak ekitaldi honetan osatuko dira.

Klinkerra aurreehotzeko sistemak egiteko ingeniaritzan sartu da Estanda, eta plan estrategikoan ildo horri ematen zaio pisurik handiena. Hiru urtez aritu da lanean eskaintza integral bat egiten, galdaketa-piezak ekoizteko jarduera tradizionalari balioa eransteko asmoarekin; lehen eskaera lortzea izan da lan horren emaitza: Errusiarako lan bat da, 1 milioi euro baino gehiagoko bolumena duena.

Plan horren garrantzia handia da, eta zuzenean eragiten dio EAEko industria osagarriari. Diseinatutako sistema, klinkerra aurreehotzeko sistema globala, elementu nagusi baten inguruan artikulatzen da, ardatz bertikaleko talka-zanpagailuaren inguruan, zeinak diseinu eta material berriak baititu ingudeetan eta errotore-ardatzean; gainerako ekipoak, ordea, beste batzuei azpikontratatuko zaizkie, hala nola uhal garraiatzaileak, xurgatzeko eta iragazteko ekipoak, jasogailuak, bahe bibratzailea. Estandaren soluzioa orduko 30-120 tona aurreehotzeko gaitasuna duten lerroetara egokitzen da, eta helburu hau du: klinker hoztua aurreehotzea zementu-errotan granulometria xeheagoa eta homogeneoagoa sartzeko. Sistema horiek efizientzia hobetzen dutenez, prozesu globalaren energia-kontsumoa gutxitzen dute, eta, beraz, produktibitatea hobetzen dute.